XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mytilus generoan, gorputz-sinuetako odol guztia giltzurrinetara joaten da (Ikus 6.61 ird.).

Geroago odolaren parte bat aurikuluetara joaten da, bestea, brankietatik pasatu ondoren, giltzurrinetara itzultzen delarik.

Bestalde, Anodonta generoan, odol pixka bat baino ez da pasatzen giltzurrinetatik bihotzera; gehiena brankietara joaten da, eta hortik zuzen bihotzera (Ikus 6.61 ird.).

Hala eta guztiz ere, bai Mytilus eta bai Anodonta generoetan, odol oxigenatua eta odol ez-oxigenatua heltzen da bihotzera.

Bibalbio guztietan mantuko odolodi espezifikoa agertzen da.

Pecten eta Anodonta generoetan, mantuaren odolodiak bihotzarekiko aparteko bidea osotzen du, odola bihotzera zuzen itzulirik.

Mytilus generoan, giltzurrin-bidetik itzultzen da odola bihotzera.

Gasen elkartrukea brankietan ematen da uraren mugimendu dortsalaren bidez.

Beste moluskuekin gonbaratuz, bibalbioetan oso oxigeno gutxi ateratzen da ur-korrontetik.

Hala ere, egoera honek ez du problemarik sorterazten, zeren bibalbioen brankiak oso handiak baitira.

Bibalbioetako brankiek elikapenaren funtzioak betetzen dituztela ezin ahaz dezakegu, eta hain zuzen honexegatik erakusten dituzte horren brankia handiak.

Gasen elkartrukea, mantuko barne-superfiziean ere ematen da bibalbio guztietan; septibrankioetan, baina, brankiak galdu direnez, elkartruke osoa gertatzen da azalera horretan.

Bibalbio guztiak uretakoak izan arren, batzu zona intertidalean, marearteko zonan alegia, bizi dira, egunaren parte bat airean egon behar dutelarik.

Mareabeherean zehar, itxita eta kieszente egoten dira, brankiak bustita mantendurik.

Kasu hauetan, batzuk, Mytilus esate baterako, anaerobiosira jotzen dute marea goratu arte; maskor porotsua duten beste batzu, hala nola Cerastoderma, inguruneko airearekiko oxigenoaren elkar trukea manten dezakete.